Puntu banaketa Txerloian
| Anaitasuna CD | 1 |
| S.D. Deusto | 1 |
Bizkaitarrek lehen zatia amaitu aurretik gola lortu bazuten ere, bigarren zatian gehiago izan zen Anaitasuna, eta merezitako berdinketa lortu zuen
Lehen zatian bisitariak arrisku gehiagorekin iritsi ziren gureen areara, eta arriskualdi horietako batean lortu zuten huts eta batekoaren gola. Bigarren zatian, Anaitasunak protagonismo gehiago izan zuen. Aukerarik ez zuten sortu gorrixek 61. minutura arte, baina lehen saiakeran atea zulatzeko moduan izan ziren gureak. Puntu banaketa justua egin zen Txerloian.
Neurketa borrokatua izan zen. (Argazkiak: Maialen Arzalluz)
Erritmo eta intentsitate handiarekin hasi zuten Anaitasunak eta Deustok ligako lehen jardunaldia. Bi taldeak gogotsu zelairatu ziren, baina neurketaren kontrola bisitariek hartu zuten minutuek aurrera egin ahala. Arruti atezainak defendatzen zuen areara iristea lortzen zuten bizkaitarrek, baina arrisku handiegirik ez zuten sortu. Lehen abagunea 17. minutuan egin zuten. Ezker hegaletik erdiratu zuten baloia, eta gure mutilak urruntzen hasi ostean, gutxigatik ez zen sartu baloia ate barrura. Arruti adi egon zen uneroro.
Anaitasunak baloi luzeen bitartez egin nahi izan zuen min lehen 45 minutuetan. Aurreko jokalariek lan handia egin behar izan zuten lehen zatian. Gureek atzetik konplikaziorik gabe baloia aurkariaren hegaleko atzelariengana urruntzen zuten, eta ondorioz aurrelariak lan eskerga handia egin behar izan zuten baloia borrokatzeko.
Deustok 36. minutuan lortu zuten huts eta batekoaren gola. Baloia ezker hegalera luze jokatuta Izagirre eta Deustoko jokalari bat nor baino nor gehiago gelditu ziren. Lehia aurkariak irabazi zuen, eta area zapaldu bezain laster atzera egindako pasea baliatu zuen Deustoko Anderrek gola egiteko. Gureek lehen zatian geldikako jokaldietan sortu zuten arriskua. Unaik, Markelek eta Aramendik, azken honek kornerra jokoan azkar jarri ostean, izutu zituzten bizkaitarrak.
Bigarren zatian Anaitasuna ausartago ikusi zen berdegunean, eta lotsarik gabe jokatzeak bere saria eman zion, 61. minutuan iritsi baitzen banakoaren gola. Deustok lortu zuen golaren berdin-berdina izan zen. Zelai erdiko falta luze jo zuten gureek eskuin hegaletik area ertzera, eta Gaizka San Miguelek buruz atzera ukitutako baloia Mikel Aramendiri iritsi zitzaion. Ezker jokalariak burua altxatu eta erdiraketa gaiztoa egin zuen area barrura. Deustoko atzelariek ez zuten asmatu urruntzen, eta aldaratzea Mikel Arzalluzek jaso zuen banakoa egiteko. Txerloiako harmailetan batutako jarraitzaile gorrixek gogotik ospatu zuten gola.
Handik segundo gutxira, Unairi gola ezerezean utzi zion epaileak. Mikel Aramendik Anaitasunako ordezkoen aulkiaren paretik bikain erdiratu zuen falta, eta Unaik bakarrik errematatuta buruz gola egitea lortu zuen arren, marrazainak banderatxoa altxatu zuen jokoz kanpokoa adierazteko. Errepikapena ikusi ondoren, baieztatu daiteke Unai ez zegoela jokoz kanpoko posizioan, eta golak baliozkoa izan behar zuela.
Ordutik aurrera ezer gutxi ikusi zen berdegunean. Presa handiko minutuak izan ziren bisitarientzat. Deusto urduritasunez saiatu zen Anaitasunari min egiten, eta gure mutilak atzelarien bizkarrera egindako paseekin aurkariak ezustean harrapatzen saiatu ziren behin baino gehiagotan. Halere, aukerarik ez zen izan, eta banako berdinketa justuarekin amaitu zen lehen jardunaldiari zegokion neurketa Txerloian. Datorren astean (igandea, 11:30) Alaves B bisitatuko dute gureek Gasteizko Jose Luis Compañon zelaian.