Seigarren puntua ere, poltsikoan
| Anaitasuna CD | 5 |
| Aloña Mendi | 0 |
Lehen zatian bi goleko abantaila lortu zuen taldeak. Atsedenaldiaren ostean, oñatiarrek jokalari bat galdu eta gero, eroso aurkitu zen taldea eta Aloña Mendiri bost gol egiteko gai izan zen
Anaitasunak garaipen zabala lortu zuen atzo, larunbata, Aloña Mendiren aurka. Mikel Arzalluzek ireki zuen markagailua 21. minutuan, eta 88. minutuan Ander Pastrianek egindako bosgarren golarekin itxi bigarren zatiaren amaieran. Aloña Mendi langile eta ausart bat agertu zen Txerloian, baina jokalari baten galerak eragin handia izan zuen bisitarien jokoan.
Xabier Oroz Gipuzkoa Basket taldeko jokalari azkoitiarrari egindako omenaldiarekin hasi zen Txerloiko neurketa. Europako 20 urtez azpiko txapelketan urrea lortu zuen Orozek, eta klubeko bazkide eta jarraitzailea den heinean, Anaitasunak ohorezko sakea egiteko aukera eskaini zion jokalariari. Txalo artean hartu zuen leporaino beteta zegoen Txerloiko harmailak saskibaloi jokalari gaztea.
Xabier Oroz ohorezko sakea egiten Pedro Urdapilleta presidentearekin batera. (Argazkiak: Joakin Sudupe)
Gero hasi zen partida, eta ezker hegala baliatu zuen Anaitasunak lehen zatian min egiteko, hegal horretatik iritsi baitziren lehen bi golak. Lehena Mikel Arzalluzek egin zuen. Talde jokaldi on baten ostean, Mikel Aramendik Izagirrerekin bat-biko dotorea egin zuen, eta ezker hegaleko atzelariak area barruan baloia jaso eta azpitik egindako erdiraketara Mikel Arzalluz iritsi zen. Baloiari erosotasun handiz bultzatuz bat eta hutsekoa jarri zuen Txerloiko markagailuan.
Ordura arte neurketa orekatua ari zen izaten, Aloña Mendi ausart zelairatu baitzen berdegunera, beldurrik gabe. Anaitasunari asko kostatu zitzaion partidaren hasierako minutuetan egin nahi duen jokoa egitea, baina Mikel Arzalluzen gola eta gero, dena errazagoa izan zen.
Bi eta hutsekoa 26. minutuan egin zuen Anaitasunak. Oraingo honetan ere ezker hegalean hasi zuen jokoa korner aldaratze bat eta gero. Markelek, hegaleko jokalaria bailitzan, erdiraketa aparta egin zuen eta Anderrek atzelariari ihes eginez, indar handiz egin zuen gola. Ospatu ere modu horretan egin zuen taldeko golegile nagusiak.
Atsedenaldiaren ostean, errespetu handiz irten ziren bi taldeak zelaira. Anaitasuna neurketa itxiko zuen golaren bila ari zen, baina ez zuen presarik izan horretarako. Aloña Mendi, aldiz, neurketan sartuko zuen golaren bila aritu zen etengabe, baina gutxitan zapaldu zuen Xuban atezainaren area.
65. minutua garrantzitsua izan zen, Aloña Mendik jokalari bat galdu baitzuen bi txartel hori bost minuturen barruan ikusi ondoren. Asko lasaitu zuen Anaitasuna epailearen erabaki horrek, eta bisitarien atzeko lerroan sortu ziren espazioak baliatuz, aurrera egin zuen.
71. minutuan penaltia egin zioten Iñigo Arzalluzi. Denboraldiko lehen minutuak zituen atzokoan Iñigok, eta gogotsu ikusi zen zelaian. Abiadura eta indar handiz sartu zen oñatiarren areara kontraerasoan, eta atzelariak ezin izan zuen gelditu faltarik egin gabe. Epaileak ez zuen zalantzarik izan, eta gorrixen aldeko penaltia adierazi zuen. Iñigo Arzalluz bera izan zen jaurtiketa egin zuena, eta ez zuen hutsik egin atezainaren eskuin aldera jaurtita.
Geldikako jokaldian ere arriskutsu azaldu zen Anaitasuna, eta laugarren gola modu honetan iritsi zen. Iñigo Arzalluzek eskuin hegaleko kornerretik jarri zuen baloia jokoan, eta Markel Eskurtzak buruz atezainari min egiten dion lekura errematatuz, Anaitasunarentzako laugarren gola lortu zuen.
Aulkitik irtendako jokalarientzako ere izan ziren minutuak oñatiarren aurkako neurketan, eta bosgarren eta azken gola irten berrien eskutik etorri zen. Iñigo Arzalluzek eskuin hegalean hartu zuen baloia ezkerraldera aldatzea erabaki zuen pase zoragarri batekin. Rubiok area barruan hartu zuen baloia kontrolatu eta erdiratu egin zuen. Ezker jokalariaren erdiraketa aipatzekoa izan zen, eta Ander Pastrianek erosotasunez baloiari bultza egitea nahikoa izan zuen gola egiteko.
Garaipen zabala, eta garrantzitsua. Bi jardunalditan sei gol egin ditu taldeak, eta bakarra ere ez du jaso oraindik. Zenbaki onak dira, eta hobetzeko asmoz datorren asteburuan Lasarteko Michelin zelaian Ostadar taldearekin neurtuko dituzte gureek indarrak. Anaitasunak emaitza onak lortu ditu azken urteetan Michelinen, eta bide beretik jarraitzeko asmoz joango dira aurtengo honetan ere Lasartera.