Arratsalde iluna Deban
| Amaikak Bat | 4 |
| Anaitasuna CD | 1 |
Denboraldi-aurreko azken astean sartuta, itxura kaskarra erakutsi zuen Anaitasunak Deban.
Eraginkortasun handia erakutsi zuen Amaikak Bat taldeak Anaitasunaren aurrean. Laster hartu zuten aurrea etxekoek, baina bigarren zatian hiru gol eginda, Anaitasuna aukerarik gabe utzi zuen Ohorezko Mailara igo berria den taldeak. Denboraldi-aurreko bigarren porrota jaso zuten, beraz, gure mutilek.
Lehen zatian, Oier Elorzak gidatu zuen Anaitasuna. Gogotsu eta aske agertu zen erdilaria zelaian, eta bere oinekin zapaldu zuen Anaitasunak aurkarien area. Ander Pastrian aurrelariarekin ondo ulertu zen Oier Elorza, eta bere eskutik iritsi zen gorrixentzat lehen abagunea.
10. minutuan, ordea, etxekoek beraien zelaitik egindako pase luze batean gure mutilen bizkarrean jarri zuten baloia, eta aurrelariaren abiadura baliatuz, Xuban gainditzea lortu zuen. Zortzi minutu geroago, berdinketa gertu izan zuten gure mutilek. Julen Aramendik jarri zuen jokoan baloia Anaitasunarne aldeko faltan, eta Oier Beitiaren burukada gutxigatik ez zen sartu etxekoen atean.
Atsedenaldiaren aurretik ere izan zuten gorrixek gola egiteko aukera. Geldikako jokaldian berriz ere min egin zuten Igor Quindosenek, Markel Eskurtza izan baitzen buruz errematea egin zuen jokalaria. Burukada hori ere, gutxigatik, langaren gainetik joan zen kanpora.
Etxekoen aukera batekin hasi zen bigarren zatia Deban. 50. minutuan, Jubeniletatik Ohorezko Mailara aurten jauzia eman duen Jon Letamendia izan zen protagonista. Burukada zoragarri batekin ezustean harrapatu zituen etxeko jokalariak, baina oraingo honetan ere baloiak ez zuen ate barruan sartzeko asmorik erakutsi.
Lau minutu beranduago, eskuin hegaletik egin zuten Debako jokalariek erdiraketa, eta area barruan aurrelariak buruz bakarrik egin zuen errematean ezer gutxi egin ahal izan zuen Xubanek. Gol ederra egin zuen etxeko taldeak. Gorrixek ondoren aldea murrizten saiatu zen, baina 66. minutuan berriz ere etxeko taldea izan zen gola egin zuena. Area barrutik kanpora egindako pase batean ezer gutxi egiteko aukera izan zuten gure mutilek.
Hainbat aldaketa egin eta gero, Anaitasuna biziago ikusi zen azken metroetan. Aramendik min egin zuen ezker hegaletik, eta ezker jokalariak egindako erdiraketa batetik iritsi zen, hain zuzen, Anaitasunak Deban egin zuen gol bakarra. Azpitik indartsu egin zion pasea Mikel Arzalluzi, eta atzelariei eta atezainari aurrea hartu ostean, hiru eta batekoa jarri zuen markagailuan zelairatu berria zen aurrelariak.
Aukera asko sortu zituzten Anderrek, Mikel Arzalluzek eta Mikel Aramendik, baina 86. minutuan etxekoek itxi zuten Errotazar zelaiko neurketa. Zelai erdian gorrixek baloia galdu ostean, metro batzuk aurreragotik egin zuen jaurtiketa Amaikak Bateko jokalariak, eta Remen ezustean harrapatu ostean, azken lau eta batekoa egitea lortu zuten etxekoak.
Jipoi handiegia jaso zuen Igor Quindosek zuzentzen duen taldeak Deban, markagailua engainagarria izan baitzen. Atzo egindako okerrak zuzendu eta ikuspuntu negatiboenetik alde positiboa aterata, larunbatean denboraldi-aurreko azken partida jokatuko du Anaitasunak Iurretako K.E. taldearen aurka. Azken lagunarteko hori 11:30ean hasiko da Larrako zelaian.