Anaitasuna nagusi, Zestoa eta Getariako KETAren aurrean

Anaitasuna CD 3
Zestoa 0
Anaitasuna CD 2
Getariako KETA 1

Taldeak itxura ona eman du Zestoaren aurrean, eta Ander Arabaolaza eta Iker Pastrian joko onari amaiera emateaz arduratu dira. Getariarren aurrean motelago aritu da Anaitasuna, baina bisitariek lortutako gola iraultzeko moduan izan dira Ander eta Mikel Pastrian anaiei esker.

 

Anaitasuna 3-0 Zestoa

Azkar hartu du aurrea Anaitasunak zestoarren aurka. Hirugarren minutuan, Zulaikak erdiraketa aparta egin du eskuin hegaletik areara, eta Iker Pastrianek baloia ukitu ostean, bigarren zutoinean zen Ander Arabaolazak jaso du baloia. Pasa den denboraldiko golegile nagusiak baloiari bultza egitea nahikoa izan du Anaitasuna aurretik jartzeko.

Gure mutilek kontrolatu dute neurketa, eta atzeko lerrotik hasitako jokaldiak amaitzea ere lortu du behin baino gehiagotan. Arratsaldeko bigarren gola iritsi aurretik, aipatzeko moduko kontraerasoa lotu du taldeak, Iker Pastrianek Mikel Arzalluzekin jokatu baitu. Arzalluzek bere oinetan izan du bigarrena, baina bisitariek kornerrera urruntzea lortu dute baloia azken unean.

Korner horretan bertan lortu du, ordea, Anaitasunak bi eta hutsekoa. Julen Aramendik atera du kornerra, bigarren zutoinean Markel Eskurtzak baloiari ukitua eman dio, eta area txikian zen Iker Pastrianek baloia txikitu ostean bi eta hutsekoa jarri du Txerloiko markagailuan.

Ondoren izan du Anaitasunak Mikel Arzalluzen eskutik beste gol aukera bat, baina hiru eta hutsekoa 40. minutuan iritsi da. Taldeak zelai erdian baloia ostu die zestoarrei, eta Julen Aramendik baloia jaso eta Ander Arabaolazari egin dio pasea. Aurrelaria atezainaren aurrean bakarrik gelditu da, eta albo batean utzi ostean hirugarren gola egin du ezkerrez. Ordutik aurrera lasaiago aritu dira Igor Quindosen mutilak eta patxadaz jokatu dute Zestoaren aurrean.

 

Anaitasuna 2-1 Getariako KETA

Getariarrek estuago hartu dute Anaitasuna, eta ez diete erritmoa ezartzen utzi hasierako minutuetan. Aukera gutxiko minutuak izan dira, baina neurketako lehenean lortu dute bisitariek gola. 21. minutuan baloi galtze larria egin dute gureek, eta Getariako KETA taldeko aurrelariak bikain baliatu du aukera maisutasunez Xuban gainditzeko.

Getariarrek minutu onak eskaini dituzte Txerloian, baina golaren ostean Anaitasuna bere jokoa egiten hasi da. 28. minutuan, jokaldi on baten ostean, Ander Pastrianen erdiraketan epaileak Anaitasunaren aldeko penaltia adierazi du Getariako atzelari bati baloiak eskuan jo ostean. Ander Pastrian bera izan da penaltia jaurtitzeko ardura hartu duena, eta atearen ezker aldera bota eta gero gola egitea lortu du.

Bost minutu beranduago, Ander Arabaolazaren korrikaldi baten ostean kornerra lortu dute gorrixek, eta korner horretan bertan iritsi da gureen bigarren gola. Mikel Pastrianek lehen zutoinean zaintzarik gabe, bakarrik, oinarekin egin du errematea eta Anaitasuna aurretik jarri du aipatzeko gutxi egin eta gero. Sendo agertu dira gure mutilak geldikako jokaldietan.

Aldea handitzeko aukera ere izan dute Quindosen mutilek. Lehen aukera Ander Arabaolazak izan du area ertzeko falta jaurtiketa batean, baina zutoinaren kontra jo du baloiak. Ondoren, Xabier Soralucek izan du hirugarren gola egiteko aukera, eta oraingo honetan ere ez du zorterik izan taldeak, erdilariak egindako jaurtiketan baloia kanpora joan baita azken unean. Azken jaurtiketa honekin amaitu da taldearen bigarren lagunartekoa.

 

Bergara, hurrengo arerioa

Hurrengo lagunartekoan Bergara izango dute aurkari Igor Quindosen mutilek. Berriz ere Txerloian jokatuko dute gorrixek, baina oraingoan goizeko 11:30ean izango dute neurketa. Denboraldi-aurre honetako hirugarren eta azken neurketa izango da Txerloian. Ondorengo biak Deban (abuztuak 31, 19:00) eta Iurretan (Irailak 3, 11:30) izango dituzte gureek, Amaikak Bat eta Iurretakoren aurka, hurrenez hurren.