Lider jarraitzeko garaipena

Anaitasuna CD 2
Martutene 1

Anderrek egindako bi golek Ohorezko Mailan lider jarraitzeko baimena eman zioten Anaitasunari

Atzetik dituen aurkarien garaipenak ezagututa zelairatu zen Anaitasuna Txerloiako berdegunera, baina Anaitasunak garesti du bere postua, beste hiru puntu batu eta Liga amaitzeko neurketa bat gutxiagorekin lider jarraitzen baitute Igor Quindosen mutilek. Erritmo moteleko neurketa izan zen, bereziki lehen zatian, eta taldeari asko kostatu zitzaion ohikoa duen joko bizia egitea. Hala ere, atsedenaldira iritsi aurreko jokaldian Ander azti ibili zen atzelariei bizkarra hartu eta Anaitasunaren aldeko gola egiteko. Bigarren zatian goizo egin zuen bigarren gola taldeak, berriz ere Ander taldeko golegilearen eskutik, baina hogei minuturen faltan bisitariek aldea murriztea lortu zuten zorte handiko jokaldi batean eta ondorioz asko estutu zen neurketa.

Baloiaren jabe izan zen Anaitasuna, baina zirkulazio motelarekin aritu zen minuturik gehienetan. Martutene ez zen presiora irteten, lerroak elkartuta zituela eustea erabaki baitzuen. Atzeko lerroa aurreratuta zutela baliatuz, gureek atzelariaren bizkarrera egindako pase luzeekin aurkariari min egitea lortu zuten. Mikel Arzalluz izan zen lehen zatian taldeko jokalaririk dinamikoena eta bere eskutik iritsi zen Anaitasuna Martuteneren areara.

Atera lehena hurbildu zena Martutene izan zen. Ezker hegaletik landutako jokaldian Xubanen areara erdiraketa egiteko moduan izan ziren donostiarrak, eta penalti puntu inguruan buruz egindako errematean Xuban atezaina luzatu beharrean aurkitu zen baloia eskuetan hartu ahal izateko.

Gure mutilek, aldiz, lehen orduerdia betetzean eman zuten lehen abisua. Iñigo Arzalluz area barruan sartu baino lehenago zangotrabatu zuten aurkariek, eta epaileak ez zuen zalantzarik izan falta adierazterako orduan. Mikel Aramendi izan zen jaurtiketa egin zuena eta benetan efektu harraroa hartu ostean atezainak behar baino lan gehiagorekin urrundu behar izan zuen baloia kornerrera.

42. minutuan gola oihukatzetik gertu izan ziren Anaitasunako zaleak. Ezker hegaleko falta batean Mikel Arzalluzek area ertzean jaso zuen baloia eta inor baino argiago ibili zen eskuin aldean bakarrik zen Unai Aranbarriri pasea egiterako orduan. Unaik asko pentsatu gabe jaurti zuen atera, baina baloiak zutoinean jo eta kanporako bidea hartu zuen.

Taldea azken aukera horretaz damutzen ari zen bitartean, Anaitasunak beste falta bat jaso zuen, oraingoa eskuin hegalean. Mikel Aramendi eta Iñigo Arzalluz baloiaren aurrean parekatu ziren, baina azkenik ezker jokalaria izan zen baloia jokoan jarri zuena. Erdiraketa benetan zoragarria izan zen eta Anderrek atzelariei bizkarra hartu eta inork zaintzen ez zuela ikusita, baloia buruz sareetara bidali zuen neurketa atsedenaldira iritsi zenean. Taldea eta zaleak gola ospatzen ari ziren bitartean epaileak aldageletara joateko baimena eman zuen. Partidaren norabidea aldatu zuen gola egin berri zuen Anaitasunak, gol benetan garrantzitsua.

Bigarren zatian taldea beste martxa batekin zelairatu zen eta golaren bila irten, eta urkariaren atera hurbildu zen lehen aldian lortu zuen helburua betetzea. Taldeak ondo egin zuen presioa zelai erdi inguruan, Markel, Mikel Pastrian eta Unairen artean baloia zuen Martuteneko jokalaria inguratu baitzuten. Markelek moztutako baloia Unairen oinetara iritsi zen eta kapitainak bueltaerdia eman, burua altxatu eta aurrean mugimendu aparta egin zuen Ander Arabaolazari egin zion pasea. Aurrelariak, gorputza ondo jarri eta lehen ukituan baloia sareetara bidali zuen eskuinez, Txerloian batu ziren ehunka zaleen pozerako.

Handik gutxira aldea handitzeko jokaldia egin zuen Anaitasunak. Eskuin hegalean Anderrek Mikel Arzalluzi ate aurrean utziko zuen pasea egin zion, baina Mikelek jaurtitzeko aukera zuen arren, lagunari pasea egitea nahiago izan zuen. Atzelariak argi ibili ziren eta baloia urruntzea lortu zuten azken unean.

Neurketa bide onean zen Anaitasunarentzat, baina 68. minutuan gauzak okertu egin ziren, Martutenek bere gola egitea lortu baitzuen. Oier Beitiak zelai erdian jaso zuen baloia, baina Xubani pasea egiten hasi zen unean labaindu egin zen eta baloia ez zitzaion gure atezainari behar bezala iritsi. Xuban baloiarengana iristeko areatik irten beharrean aurkitu zen eta Martuteneko aurrelariak egindako presioak bere saria eman zien donostiarrei. Xubanek baloia aurkariak baino lehenago jotzea lortu baldin bazuen ere, Martuteneko aurrelariari jo zion baloiak errebotez, eta modu harrigarri batean, baloiak Anaitasunaren ate barruan amaitu zuen.

Amaierara bitartean bi taldeetako inork ez zuen aurkariaren atea aurkitzerik lortu eta epaileak amaierako txistua jo zuenean gogotik ospatu zuten bai jokalariek eta bai harmailetan batutako zaleek, egindako ohiua kolore eta talde honekiko dagoen sentimenduaren islada izan baitzen. Datorren asteburuan taldeak Oñatin jokatuko du Aloña Mendi taldearen aurka. Neurketa igande arratsaldeko 16:30etan izango da, eta klubak zaleentzako doako autobusa jarriko du. Igande arratsaldeko 15:30etan irtengo da autobusa Liburutegiko geltokitik eta horretarako Olaberri, Dean, Latz eta Ttakun tabernetan eman beharko dute interesatuek izena ostegun gaueko 22:00ak baino lehenago.