Erreakziorik ez Txerloian
| Anaitasuna CD | 0 |
| Touring | 0 |
Neurketa tristea burutu zuten bi taldeek. Nahiz eta bigarren zatian, penalti bat tarteko, irabaztetik gertu egon zen taldea, ez zen hamar gizonen aurka neurketa aurrera ateratzeko gai izan
Partida iluna izan zen larunbat arratsaldean Txerloian jokatutakoa. Aukera garbirik gabeko neurketa izan zen, baina errenteriarrek tarteka izua sortu zuten Txerloian. Atzean batu eta kontraerasora irteten ziren maiz, eta behin baino gehiagotan harrapatu zituzten gureak. Bestaldean, gureek ez zuten egunik onena izan eta baloiarekin ere ez zuten besteetako dizdirarik erakutsi. Neurketa amaitzeko hogei minuturen faltan, Anaitasunaren aldeko falta adierazi zuen epaileak area barruan eta falta horretan bertan galdu zuen Touringek jokalari bat. Penaltia izan zuten alde gure mutilek, baina ez zuten jaurtiketa baliatzerik lortu.
Neurketa geldoa izan zen oro har. Hasierako minutuetan nagusitasuna erakutsi zuten gureek, baina Touringek irabazteko zaila den aurkaria dela erakutsi zuen. Minutuek aurrera egin ahala, ordea, orekatuz joan zen neurketa eta aukerak iritsi ziren. Garbienak bisitariek sortutakoak izan ziren, ordea. Lehena, area barruan egindako jaurtiketa batetik etorri zen, baina, alboko sarera joan zen zuzenean. Beste aukera bat ere iritsi zen errenteriarrentzat minutu gutxi barru, kontraeraso batean hain zuzen. Gure atzelariak baino azkarrago ibili zen aurrelari errenteriarra, eta Xubanen gainetik baloia loratuta lortu nahi izan zuen gola, nahiz eta azkenean gora joan zen.
Beste aldean aukera gutxi egon ziren, behintzat ez ziren garbiak izan. Area ingurura heltzen ziren, baina gure mutilei azken metroetako bultzada eta bereziki jokaldiak amaitzea falta izan zitzaien. Hori horrela izanik, aldageletarako bidea markagailua hutsean zela hartu zuten bi taldeek.
Bigarren zatian, Anaitasunaren jokoa zuzenagoa izan zen. Jokoa atzeko lerroko jokalarietatik hasi beharrean, aurkariaren zelaian hasi nahi izan zuten gureek, baina ez zuten baloia nahi bezalako nagusitasunarekin bereganatzerik lortu. Aukerak Touringenak izan ziren eta garbiena 66. minutuan izan zuten. Eskuin hegaletik landu zuten erasoa bisitariek, eta baloia erdiratzea lortu zuten. Aurrelariak buruz egindako erremateak itxura ona hartu zuen errenteriarrentzat, baina atepean zen Xubanek baloia kornerrera urruntzea lortu zuen.
Lau minutu beranduago iritsi zen larunbateko neurketako jokaldi nagusia. Epaileak errenteriarren joku arriskutsua adierazi zuen area barruan. Ander eta Unai izan ziren falta prestatu eta jaurtitzeko arduradunak eta kapitainak egindako jaurtiketak giza-hesiko jokalari baten eskuan jo zuen. Epaileak txartel gorria erakitsi zion zuzenean, Touring jokalari bat gutxiagorekin utziz, eta Anaitasunaren aldeko penaltia adierazi zuen. Jokaldi borobila zen ordura arte, baina Unai kapitainak egindako penalti jaurtiketa atezainak oinekin gelditzea lortu zuen, Txerloia mutu utziz. Zortea ez zuten bidelagun izan.
Ordutik aurrerako hogei minutuak Anaitasunak kontrolatu zituen, eta errenteriarrak defendatzera mugatu ziren, kontraerasoren bat baliatzeko asmo garbiarekin. Une batez gertu izan zuten gola, baina zorionez ez zen bisitarien markagailuan mugimendurik izan. Anaitasuna arriskutik gertu ibili zen eta hiru korner ere izan zituzten alde azken minutuetan, baina ez zuten jokaldirik borobiltzerik lortu.
Lehen itzuliaren azken neurketan egin bezala, puntu bat batu zuen larunbatean bigarren itzuliaren lehen neurketan ere. Etxean Real Unionen aurkako neurketatik garaipenik lortu gabe da taldea. Orain bi astez jarraian Azkoititik urrun arituko dira Igor Quindosenak. Bi neurketa hauek zeresan handia izango dute denboraldiaren amaierarako bidean. Lehena sailkapenean laugarrena den Hernaniren aurka jokatuko dute eta bigarrena hirugarren postuan den Ostadarren aurka. Ezbairik gabe partida garrantzitsuak izango dira eta etxetik kanpora daramaten bolada onari jarraipena emanez gero asko izango dute eginda gure mutilek.