Golari eskua emanda

Hondarribia 0
Anaitasuna CD 6

Mutilek golaren bidetik jarraitzen dute eta Hondarribian sei gol eginda lidertza sendotu dute

Aurkarien hutsei etekina atera diete mutilek eta aise irabazi dute Hondarribiako Ondartza zelaian. Lehen zatiaren amaierarako erabakita utzi dute gorrixek partida; Amaikak Bat taldearen aurka Txerloian egin bezala, Ondartzan ere lau gol egin zituzten mutilek atsedenaldiaren aurretik. Eibarren berdinketak eta Tolosaren porrotak lidertza sendotzeko aukera eman diete mutilei.

Hondarribia-0-6-Anai

Landaren golek abantaila handia eman zuten.

Neurketa serioa eta eraginkorra egin zuen taldeak Hondarribian. Sailkapenari begiratu gabe, neurketa ahalik eta onena egiteko asmoz zelairatu zen taldea Ondartza zelaian, eta Beñat Landak bigarren minutuan lortu zuen golak gauzak asko erraztu zizkion Anaitasunari. Eskuin hegaletik iritsitako baloia jaso zuen Landak arean, eta eskuinez aurkako zutoinaren albotik bidali zuen barrura atzokoan kapitainaren besokoarekin aritu zen Landak.

Anaitasuna aurretik zela, Hondarribiak atzean jarrita zuen defentsa lerroa aurreratu beharra izan zuen zerbait lortzeko asmoz. Pauso garrantzitsua izan zen hori Anaitasunarentzat, espazio handiak aurkitu baitzituen nahi zuen jokoa egiteko. Minutu zinez onak egin zituen Artetxeren taldeak eta atsedenaldira huts eta lauko emaitzarekin iritsi zen taldea. Bi eta hutsekoa Jon Letamendiaren lana izan zen. Landaren baloia jaso zuen jokaldi nahasi batean, eta baloia ezin hobeto gurutzatu zuen. Golak min egin zion Hondarribiari; Anaitasunak kontrolpean zuen neurketa eta zulo handiak aurkitu zituen erasorako. 24. minutuan Landak bere bigarren gola egin zuen. 30-40 metrotatik jaurti zuen atera erdilariak, eta benetan gol dotorea lortu zuen. Atsedenaldiaren aurretik, berriz, Ander Arabaolazak Letaren erdiraketa baliatu zuen area txikian laugarrena egiteko.

Tentsioa eta intentsitatea jaitsi gabe jarraitzeko asmoz zelairatu ziren gorrixek atsedenaldiaren ondoren zelaira. Hondarribiari sinesteko aukerarik ez zion eman izan nahi. Denarekin irten ziren hondarribiarrak, zuzen jokatzen hasi baitziren. Anaitasunari kostatu egin zitzaion baloia hartu eta aurkariaren zelaira iristea, baina inoiz ez zuen arazo larririk izan. Aldaketekin nahastu egin zen apur bat norgehiagoka, eta Anaitasunak ez zuen zelaiko espazioei probetxurik ateratzen jakin. Joan-etorri batzuk ere izan ziren.

Halere, minutuek aurrera egin ahala kontrola hartu zuen Anaitasunak eta aukerak eta golak egin zituen. 82. minutuan eta 83. minutuan Aramendik birritan zulatu zuen Hondarribiaren atea. Lehena aldaratze batean sartu zuen, eta bigarrena benetan harrigarria. Korner jokaldia motzean jokatu zuten gorrixek, eta area ertzetik abiadura eta indar handiz jaurti zuen atera.

Gehiagorako aukerak izan ziren Ondartzan, baina epailearen txistu hotsarekin amaitu zen Hondarribikoa. Datorren astean Txerloian arituko dira mutilak, Bergara taldearen aurka. Igandean jokatuko dute gureek Mikel Juaristi entrenatzaile azkoitiarrak zuzentzen duen taldearen aurka.

🎥 Ikusi bideo laburpena, hemen.