Indar erakustaldia etxean

Anaitasuna CD 5
Mondragon CF 0

Bost gol eginda, aise menderatu dute mutilek ligako arerio zuzenetako bat

Anaitasunak sekulako indar erakustaldia egin zuen atzo, zapatua, ligako arerio zuzenetako baten aurka. Lehen zatian bi gol eta atsedenaldiraren osten hiru eginda, aise menderatu zuen Xabier Artetxeren taldeak Mondragon. Bost jardunaldi jokatu dira Gipuzkoako Ohorezko Mailan eta gureek garaipena bakarrik ezagutu dute. 15 punturekin sailkapeneko liderrak dira gorrixek.

IMG 9175

Mikel Pastrianek bat eta hutsekoa egin zuenekoa (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Mondragonek baloia hartzen utzi zuen, baloia atzetik ateratzen utzi zion Anaitasunari eta horrek gauzak asko erraztu zizkion taldeari. Presioaren lehen lerroari arazorik gabe egin zioten aurre gorrixek. Erra aurkiten zuen presiotik irteteko bidea taldeak eta ondoren espazio handiak aurkitu zituzten zelai erditik aurrera jokoa sortzeko. Goizo hartu zuen aurrea markagailuan Anaitasunak, baina aurretik beste gol aukera garbi bat izan zuen neurketako protagonistetako batek. Mikel Arzalluzek sakonean jokatutako baloia hartu zuen, baina bisitarien atezainak gelditua eginda kornerrera bidali zuen baloia.

Korner horren bitartez iritsi zen, ordea, arratsaldeko lehen gola. Bigarren zutoinera erdiratu zuten mutilek eta Izagirrek ukituta baloia atearen erdi-erdira joan zen. Indar handiz Mikel Pastrian sartu zen errematea egitera, eta ez zuen barkatu erdilariak. Buruz baloia ate barrura bidali zuen. Bat eta hutsekoarekin norabide berean jarraitu zuen neurketak, baina Mondragonek aukera ona izan zuen neurketa parekatzeko. Jaurtiketa bat zutoinera bidali zuten arrasatearrek.

Kanpoko taldeak barkatu egin zuen ate aurrean, baina 30. minutuan Mikel Arzalluzek ez zuen barkatzeko baimenik eman. Anaitasunak defendatzen zuen area inguruan alboko sakea izan zuten gorrixek, eta bisitariek oso goian egin zuten presioa. Presioa erraz gainditu zuten beste behin gure mutilek eta eskuin hegalean zuloa aurkituta Mikelek bikain asmatu zuen atea. Gol garrantzitsua izan zen, aurkariari min handia egin golak. Anaitasunak atsedenaldiaren aurretik neurketa erabakita uzteko aukerak izan zituen gerora.

Bigarren zatian jokamoldea aldatu zuten bisitariek presioa eraginkorragoa izateko asmoz, baina asmoak ez zituzten bete. Lehen minutuetan ondo estutu zuten arrasatearrek Anaitasuna; halere, gureak atzean seguru eta sendo egon ziren. Hegaletara sartutako baloi zuzenen bitartez Mondragoneko atzelariek asko sufritu zuten gero. Aukera asko izan zituzten modu horretan Xabier Artetxeren mutilek, arrasatearrei atzerako buelta egitea dezente kostatu baizitzaien.

Hiru eta hutsekoa Mikel Arzalluzek errepikatu zuen. Axi aurrelari oñatiarrak egin zuen jaurtiketa atezainak aldendu zuen. Aldaratzea Mikel Arzalluzek jaso zuen baloia zelaitik kanpora irten aurretik, eta ezkerrez, bikain gurutzatu zuen jaurtiketa Anaitasunarentzat garaipena ziurtatzeko.

Aldaketak eginda, neurketa joan-etorri bat izan zen. Aukerak gureek sortu zituzten joaneko horietan eta laugarrena zelairatu berria zen Ander Pastrianek egin zuen. Ukitu zuen lehen baloia sareetara bidali zuen aurrelariak eta gol dotorea egin zuen. Festa Jon Letamendiak borobildu zuen. Korner erdiraketan atzelariari aurrea hartu zion erasoko jokalariak eta lehen zutoinaren parretik buruz bosgarrena egin zuen.

Xabier Artetxek amaieran azpimarratu zuen taldea «uneoro ondo» egon zela. «Momentu guztietan zer egin jakin izan du taldeak. Hamaikakoan zelairatu direnek eta gero zelairatu direnek, denek eman dute maila ona», azaldu zuen mutilen lehen taldeko entrenatzaileak. Datorren asteburuan Hernaniko Zubipe zelaian jokatuko dute, 16:30ean.

Ikusi neurketako argazkiak.Ikusi neurketako argazkiak.