Hirutik hiru!

Anaitasuna CD 2
Beti Gazte 1

Beti Gaztek egindako hasierako gola iraulita, Anaitasunak denboraldiko hirugarren garaipena lortu du

Anaitasunak denboraldiko hirugarren garaipena lortu zuen, atzo, Beti Gazte talde nafarraren aurka. Gauzak zail jarri zizkion Lesakako taldeak Xabier Artetxeren taldeari. Beti Gazteren aurka hiru puntuak lortzeko egin zuen jokoa disdiratsua izan ez arren, hirugarren garaipena lortu du taldeak jokatutako hirugarren partidan. Erabat atzean sartuta, kontraerasoen zain ziren Beti Gazteko bi aurrelari biziak. Gureek beren atean egin zuten gola hasi eta minutu gutxira, baina atsedenaldira iritsi aurretik Xabi Soraluzek banakoa egin zuen. Aldageletatik bueltan, segituan lortu zuen Ander Pastrianek Anaitasunari garaipena emango zion gola.

Anaitasuna Beti-Gazte 2018

Mikel Pastrian Lesakako jokalari baten aurrean baloia babesten. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Neurketa ez zen nahi bezala hasi. Anaitasunak aurrean harria bezain gogorra zirudien horma ikusi baitzuen hasiera-hasieratik, eta zailtasun horri hamargarren minutuan Izagirrek bere atean egin zuen gola gehitu behar izan zitzaion. Hegaletik erdiratu zuten bisitariek baloia, eta gureek ondo defendatu ez zuten jokaldian Izagirre erdiko atzelariak bere atean egin zuen gola. Ezusten iritsi zitzaion baloia atzelariari.

Anaitasunak markagailua kontra zuen denboraldian lehen aldiz. Gogotik bota behar izan zuen izerdia taldeak Beti Gazte estuasunetan jartzeko. Erritmo baxuko eskaini zuten bi taldeek, alde batetik, Anaitasunak ez zuelako aurkitu lesakarrek eraikitako horma gainditzeko biderik, eta bestetik, bisitariek ere kontraerasorako aukera gehiegi ez zituztelako izan.

Atsedenaldia minutu gutxira zela, Anaitasunak berebiziko garrantzia zuen gola lortu zuen. 40. minutuan, Xabi Soraluzek egin zuen banakoa eta Anaitasunari arnasa eman zion. Beti Gazte area parean zen gorrixen jokaldia defendatu nahian, eta Xabik area kanpotik nafarren atera jaurtitzea erabaki zuen. Kanpoko jokalari baten soinean jo zuen baloiak eta Xabiren jaurtiketa desbideratu zuen. Atezaina ordurako lurrean zen Xabik egindako jaurtiketa defendatzeko, baina desbideratzeak baloia ate barrura bidali zuen zuzenean.

Arnasa emateko eta taldea suspertzeko ere balio izan zien Xabiren golak gainerako mutilei, izan ere, bigarren zatia hasi eta bi minutura Ander Pastrianek bi eta batekoa egiteko gola lortu zuen. Joan den astean Añorgaren aurka Izagirrek lortutako golaren antza handia izan zuen Ander Pastrianek lortutako golak. Mikel Aramendik perfekzio osoz erdiratu zuen korenerrea baloia eta beste aldeko zutoinaren parean zen Ander Pastrianek goleko lerroaren gainetik egin zuen bi eta batekoa. Bultzatzea nahikoa izan zuen aurrelariak.

Majo kostata markagailuan aurrea hartzea lortu zuen Xabier Artetxeren taldeak. Bigarren zati osoa zuen, gainera, neurketa kontrolatzeko, baina bi eta batekoarekin ere lesakarren jokoa ez zen inolaz aldatu. Euren zelaian itxaron zion Beti Gaztek Anaitasunari, asmoa kontraerasora irtetea baitzuten. Anaitasunak bere aldetik neurketa erabakitzeko abaguneak izan zituen. Taldeak egindako azken fitxaketak, Asier Ugartek, gola egiteko pare bat aukera izan zituen, baina ez zen fin ibili azken metroetan oñatiarra.

Beti Gaztek erakutsitako jarrera duten taldeen aurka askotan jokatu beharko dute aurten mutilek, Txerloian; atzean itxaron eta kontraerasora irteteko asmoz agertu dira orain arteko aurkariak Azkoitian. Datorren asteburuan Elgoibarko Mintxeta zelaian jokatuko dute gorrixek. Duela bi denboraldi Hirugarren Mailara igoera lortu zuen zelaira itzuliko da Anaitasuna.