Garaipena estreinaldian

Anaitasuna CD 1
Allerru KE 0

Mikel Arzalluzen golak denboraldiko lehen garaipena eman dio Anaitasunari

Bigarren zatia hasi eta zortzigarren minutuan lortu du Anaitasunak garaipena eman dion gola. Lehen zatian izan dituzte gorrixek abagune ederrak atsedenaldira abantailarekin iristeko, baina azken metroetan ez dira fin ibili mutilak. Bigarren zatian, Anaitasunak lortu du gola, baina amaieran estuasun pare bat pasatu behar izan ditu taldeak denboraldiko lehen hiru puntuak batzeko.

Anaitasuna Allerru

Beñat Landa pasea egiten. (Argazkia: Joakin Sudupe)

Nagusi izan da berdegunean gure mutilen taldea. Lehen zatia etxekoena izan da eta aukerarik onenak ere Xabier Artetxe entrenatzailearen mutilek egin dituzte. 25. minutuan Mikel Arzalluzek, eta 32. minutuan Jon Letamendiak izan dituzte neurketako abagunerik garbienak. Lehen aukera garbia Mikel Aramendiren oinetatik sortu da. Area ertzean jaso du baloia ezker jokalariak, eta Mikel Arzalluz eta Aitor Diez area barrura mugitzen hasi direla ikusita, eskuin hegaleko atzelariari egin dio pasea. Diezek baloia jaso eta erdiratu egin du, baina Mikel Arzalluzek ez du behar bezala errematatu eta baloia bisitarien atezainak jaso du.

Bigarren abagunea, berriz, garbiagoa izan da. Aitor Diezek eskuin hegaletik barrurako bidea hartu du eta ondoren hasi dira aurrelarien mugimenduak. Mikel Arzalluzek eskuin aldera egin du aurrera eta berekin eraman ditu atzelariak. Beste aldean, berriz, Jon Letamendia agertu da, bakarrik. Baloia kontrolatu eta atera jaurti du, baina atezainarekin egin du topo aurrelariak. Allerruk egin duen aukerarik garbiena, bestalde, kontraeraso batean iritsi da, 34. minutuan. Gureek baloia galdu dute zelai erdian eta Allerruko aurrelariak area zapaldu eta jaurtiketa egin badu ere, Markel Eskurtza Anaitasunako kapitaina agertu da bidean, lurrera bota eta baloia mozteko.

Aldageletan atsedena hartu ondoren, laster iritsi da Anaitasunaren gola. 53. minutuan. Zelai erdian jokoa eten egin dute falta batekin lezoarrek, baina gorrixek azkar jarri dute jokoan baloia. Aramendik bakarrik jaso du baloia, eta bikain ikusi du Mikel Arzalluzek atzelarien bizkarrera egin duen mugimendua. Atzelarien artetik egin du pasea ezker jokalariak eta Mikel Arzalluzek baloia kontrolatu eta atezainaren aurrean iskin eginda, ez du hutsik egin gola egiteko.

Neurketa lasai joan da, aukera gutxi izan dira bat eta hutsekoaren ondoren, baina azken minutuetan Allerruk aurrera egin du puntu bat batzeko behar zuen golaren bila. 80. eta 82. minutuetan bi abagune garbi egin dituzte lezoarrek. Lehena langara bidali dute eskuin hegaletik erdiratzen hasita, eta bigarrenean Xuban agertu da kanpokoek atera egindako jaurtiketa gelditzeko.

84. minutuan, gainera, Anaitasunak gizon bat galdu du. Aitor Zulaikak txartel gorria ikusi du Allerruko aurrelaria Xubanen aurrean gelditzear zela aurkaria zangotrabatzeagatik. Epaile nagusiaren erabakiak zalantzak sortu baditu ere, hamar jokalarirekin amaitu behar izan dute mutilek Allerruren aurkako partida. Estutu egin da neurketa, baina mutilek ondo jakin dute neurketa irakurtzen. Ander Pastrianek, luzapenean, bi eta hutsekoa egiteko aukera ederra izan du Xabi Soraluzeren pase baten ondoren.

Amaieran, Mikel Arzalluzek egindako bat eta hutsekoak ebatzi du Txerloian 2018-19 denboraldiko lehen norgehiagoka. Denboraldi berria garaipenarekin hasi dute Xabier Artetxeren mutilek. Gehiagorako aukerak izan dituzte lehen zatian, baina sufritzeko tartea ere iritsi da bigarren zatiaren amaieran. Hurrengo igandean, Añorgaren aurka jokatuko du Ohorezko Mailako taldeak, Rezola futbol zelaian.