Igoera Euskal Ligara!
| Anaitasuna CD | 3 |
| Eibar | 1 |
Anaitasunako nesken lehen taldeak Emakumezkoen Euskal Ligara igoera lortu du, Eibarri hiru eta bat irabazita
Minutua betetzerako hartu zuten aurrea Anaitasunak, baina atsedenaldira banako emaitzarekin iritsi zen neurketa. Aldageletatik bueltan neurketa estua eta gogorra jokatu zuten bi taldeek, baina 70 eta 81. minutuetan gorrixek egindako golek, igoera eman diote Anaitasunari.
Hasiera bikaina izan zen Anaitasunarentzat. 30. segundoan, Leire Ucinek eibartarrek atzean egindako oparia aprobetxatzea erabaki zuen. Atezainarekin jokatzen hasi ziren kanpokoak, baina pasea motz geldituta, Ucin agertu zen bidean baloia lapurtzeko, eta area barruan ezkerrez egindako jaurtiketa ate barrura bidali zuen. Txerloia segituan piztu egin zen. Harmailak goraino bete zituzten atzo azkoitiarrek, Eibarko zaleekin batera. Zelaian bezala, harmailetan ere lehia polita izan zen.
Neurketa parekatua ari ziren jokatzen, baina ordu erdia bete zenean, epaileak Eibarren aldeko penaltia adierazi zuen. Armaginek hamaika metrotatik egindako jaurtiketa sareetara bidali zuten, markagailuan berdinketa ezartzeko. Emaitza horrekin, Eibar zen txapelduna eta igoera lortuko zuena. Halere, gorrixek gogotik egin zuten lan. Atsedenaldiaren aurretik gol bat edo bi egiteko aukera ederrak izan zituzten Joxeperk, Jokinek eta Enekok zuzendutako neskek. Lehena Arethak izan zuen, eta bigarrena Irantzuk; biak area barruko jaurtiketak izan ziren.
Aldageletatik bueltan, Anaitasunak gola lortu beharra zuen mailaz igo nahi bazuen, eta gure neskek ez zuten hutsik egin. Lehen 25 minutuetan jokoaren ekimena bisitariena izan zen. Anaitasunak, ordea, azken hogei minutuetarako gorde zituen indarrak, eta izan zituen aukerak ez zituen alferrik galdu. Joxepe Santizo entrenatzaileak zaleei laguntzeko eta bultzatzeko eskatu zien, eta jarraitzaileek ez zuten hutsik egin. Bonboak lagunduta, 'Anai, Anai' oihuak gogotik entzun ziren.
Maider Badiola zelairatu berriak azken metroetarako abiadura eman zion taldeari, eta modu horretan iritsi zen bi eta batekoa. Badiola atearen aurrera iritsi zenean, jaurtiketa bikain gurutzatu zuen eskuinez. Neurketa amaitzeko bederatzi minuturen faltan, gainera, Tamara Ramosek egin zuen Anaitasunaren hirugarren gola. Gol horrekin zaleek igoera eskuetan ikusi zuten eta sekulako giroa sortu zuten harmailetan.
Epailearen amaiera aginduarekin lehertu zen festa berdegunean eta harmailetan. Senior Neskek azken bi denboralditan egindako lanaren saria jaso zuten atzo, eta Emakumezkoen Euskal Ligara igotzea lortu dute. Zaleek, jarraitzaileek, gurasoek, lagunek, aiton-amonek eta herritarrek lagunduta ospatu zuten igoera zelaian gorrixek. Argazkiak atera, besarkada mordo bat eman eta kantuan eginda, txapeldunaren kopa jasotzeko unea iritsi zen. Aurrez, baina, Eibar kiroltasun handiko taldea dela garbi gelditu zen, eta gure neskei pasilloa egin zieten.
Zelaitik kalera eraman zuten ospakizuna ondoren neskek, eta Udal Musika Bandak lagunduta, kalejira egin zuten Balda Plazatik udaletxeraino. Udalean, Azkoitiko Udalak harrera egin zieten neskei eta balkoitik plazan bildutakoei eskerrak emanda, merezitako afaria egin zuten gero. Festa luzea izan atzokoa. Zorionak neskak, Anaitasunako historiaren beste orrialde bat bete duzue!